Euskera

Bada hamarkada bat baino gehiago kapitalismoaren krisi sakonenetariko bat hasi zenetik. Bere eragin agerikoena gizartearen gehiengo zabalaren bizi-baldintza materialak gainbeheratzea izan zen, baina horrekin batera ekonomiaren, merkantzien eta diruaren nagusitasuna sendotzea ere ezarri zuen. Hori guztia, ordea, ez zen gatazkarik gabe gauzatu. Mundu osoan zehar, mobilizazio-bolada bat zabaldu zen munduari inposatu nahi zitzaion norabide berriari aurre egiteko asmoz.

«Ez gara politikari eta bankarien esku dagoen merkantzia». Goiburu horren pean milaka pertsona, sentsibilitate politiko oso desberdinetakoak, manifestatu ziren Madrilen 2011ko maiatzaren 15ean. Haietako hogei bat pertsona atxilotu zituzten eta, ondorioz, beste horrenbestek Madrilgo Puerta del Solen kanpatzea erabaki zuten elkartasuna adierazteko eta atxilotuen askatasuna exijitzeko. Poliziak plaza era basatian utzarazi ondoren, ehunka pertsona berriz kanpatu ziren biharamunean eta laster milaka lagun plazara gerturatu ziren. Hurrengo astetan zehar hamaika ekimen ikusi zituen plazak: biltzar irekiak, mobilizazioak eta protesta-ekintzak, baita autoantolakuntza-saiakerak ere, hausnartu eta jokatzeko era berriak iradokitzen zituztenak. Mugimendu zehaztugabe eta plural horrek amorrua eta sumindura zituen iturburu, baina baita itxaropena ere. Hastapenetan, atxilotuekiko elkartasun-adierazpen gisa gauzatu zen, poliziaren gehiegizko basakeriaren eta horren inpunitatearen aurka, boteretsuek kaleko mobilizazioen aurren duten beldurraren seinale baitira.

M15ean atxilotutako lagunak karguekin aske utzi zituzten epaiketaren zain polizia-etxean 72 orduz preso eta inkomunikatuta mantendu ostean. Irtetean, adierazpena idatzi zuten atxiloketaren unean nahiz ziegan jasandako erasoak eta irainak salatzeko1. Salaketa hura ez zen inoiz ere ikertua izan ez fiskaltzaren ez beste gobernu-erakundeen partetik. Zaharrak berri. Ez ziren falta izan halaber ohikoak diren aldaketak poliziaren bertsioan, gertaeren adierazpenetan zein salatutako karguetan. Ordutik, urte luzeak iragan dira frogatzat polizien adierazpenak besterik ez izan arren epaiketa bideratzeko; urte luzeak bideratze-fasea amaitu zenetik auzitegiak epaiketaren data ezarri duten arte.

2019ko otsailean, ia zortzi urte ondoren!, 2011ko maiatzaren 15ean atxilotu zituztenen arteko 14 lagunek aurre egin beharko diete 6 urteko espetxe-zigor eskaerari (orotara, 74 urteko zigorra). Ez dira bakarrak. Aktibisten kontrako ehunka epaiketa daude egiteke, horietako asko 7, 8, 9 urtez. Ia kasu guztietan eredu berdina errepikatzen da, gidoi batean bezala: atxiloketa bortitza, erasoak eta umiliazioak polizia-etxean, aldaketak poliziaren bertsioan… Kasu askotan polizien erasoen dokumentu bisual ugari egon arren, bat ere ez da ofiziozko ikerketa batean aztertua izan, gutxi izan dira onartuak epaiketetan eta sekula ere ez da egon ez kondenarik ez Estatuaren erantzukizunik ez kalteen aitortzatik (ezta kasu larrienetan ere, Iñigo Cabacasen erailketa kasu).

Errepresioaren helburua argi dago: eredugarri izatea, edonor manifestatuz gero, protesta egin, antolatu edota borrokatuz gero, jipoitua, atxilotua eta espetxeratua izan daitekeela garbi erakustea. Eta, hortaz, inpunitatea mantentzea, bortizkeriaren egiazko subjektua egiaz nor den ezkutatzea, izu-giroa sustatzea desmobilizazioa heda dadin. Sumisioa lortu nahi dute ekonomiak agindutako baldintzekin, gobernuek burutu eta poliziak eta justizia-sistemak blindatzen dituzte horiekin. Munduan zehar errepresioa gaiztotzen ari da, salbuespen-egoerak luzatu eta makineria judiziala indartu. Horrekin, errotik atera nahi dituzte protesta berrien zantzuak, autoantolakuntza era berrien hastapenak nahiz munduaren egoera, botere ekonomikoak ezarritako hori, zalantzan jartzeko edozein ariketa, txikia eta partziala izanda ere.

Ez dute erraz izango, ordea, gu oinperatzea; are gutxiago ere isildu edo giltzaperatzea. Elkartasunez jokatuko dugu beti autoritarismo zahar zein berrien aurka, borroka sozialen errepresioaren aurka, mozalaren eta salbuespen-legediaren normaltasun berrituaren aurka.

Gutako bat jotzen badute, denok jotzen gaituzte. 2019ko otsailean denok izango gara epaituak. Eta ez gara ez isil ez geldi egongo.

M15eko 14 atxilotuak absolbitzea exijitzen dugu eta oraindik burutzeke dauden auzi guztiak berraztertzea.

Asamblea Popular de Lavapiés 15M

[M15 mugimenduko biltzarra Madrilgo Lavapiés auzoan]

14del15mlibertad@gmail.com

Anuncios